Iritzi saila
Oharra. Iritzi artikulo hau Euskaldunon Egunkariara bidali nuen. Bertako arduradunek jakinarazi zidaten ez zutela argitaratuko "zenbait esaldi gogor leundu edo aldatzen" ez banituen. Hau kusita, "Censured" izenburuko ohar txiki bat igorri nuen egunkari bereko zuzendariari gutunak sailera esanez Aingeru Epalzak argitaratutako iritzi artikuloari idatzitako erantzunean ez nuela koma bakar bat ere aldatuko nik ez nuelako zentsurarekin inongo arazorik eta gainera antzeko esamoldeak eta dexentez gogorragokoak irakurtzen nituela Egunkariaren iritzi sailan, hori bai, gehienetan ezker abertzaleko militante edo ETAkideen aurka jaurtita. Hortaz, euren bizkar utzi nuen azken erabakiaren gaineko erantzukizuna eta nire posta elektronikoaren helbidea eskaintzen nuen norbaitek lehenengo iritzi artikuloa osorik eskuratu nahi izanez gero bertara zuzendu zedin. Berriro ere Egunkariako zuzendaritza nirekin jarri zen harremanetan esateko hasierako artikuloa argitaratzeko zenbait moldaketa egin beharko nituela (beraiek "moldaketa proposamen bat" lantzen ari zirela) eta "Censured" izenburupeko oharra ez zutela argitaratuko "mundua borobila delako baina ez duelako horrela funtzionatzen". Azkenik nik proposatu nien "moldaketen ondotik suertatzen zen artikuloa" beraiek sinatzeko edo izengoiti bat jartzeko, erantzuna ezetz, hori ezinezkoa zela eta ni temati hutsa nintzela.
Humore aingerutiarra
Horixe osasuntsua dela irri egitea, eta horregatik hain zuzen ironia zorrotza izpiritu azkarrari dagokion bezala, gezurrezko ironiak erreminak humorea gozatu eta eskaintzeko duen elbarritasun gaindiezina baino ez du agertzen. Aingeru Epalzaz ari naiz, urtarrilaren 21ean Euskaldunon Egunkariak argitaratu iritzi artikuloari buruz.
Nafarroan euskararen puri puria dela eta iritzi emale arituak zer esan dexente izan du hedabideetan (AEKren auzia dela eta, Argiako mahaingurua, Euskalerria irratiako tertulia, Euskadi Irratian, Egunaria orain), irakasteko franko nonbait, azken artikuloan lanean aritu diren euskaltzaleak iraintzeko ausardia ugari baina proposamen zehatzik egiteko gaitasunik ez. Progrekeriaren ikur gorena da hori, saiatzen dena trufa ozpinduarekin egurtzea bere burua ongia eta gaizkiaren ortzi gainean ikusten duenaren ustezko elegantzia alperrarekin.
Estilo azkarrak eskatzen duen kunplimenduzko autokrititak ("orain baietz erran genion jendeari") rekitzen dio atea ustezko irriaren akelarreari. Ustela ordea kunplimendutik hasita, denok elkar ederki ezagutzen dugun Nafarroa honetan badakigulako gezurretan ari dela: idazlea, IKA eta soka bereko beste zenbaitzuk Oinarriak-en sinadura bilketa kanpainaren kontrako azpilan polita egin baitzuten (zilegitasun osoz nahi bada, euren arrazoiak zituztelako, baina gauzak diren bezala).
Baina sormen arraso ihartua behar du gero izan erreminak, berarentzat guruzpidea den komikotasun erdietsigaitzera sikiera pittin bat hurbiltzeko ere besteen ahotan gezurra jartzea baino baliabide originalagorik ez badu. Oinarriak-ek abiatu zuen kanpainan argi esan zuen hasiera hasieratik (prentsaurrekotan, nire auzoan egin zuten aurkezpenean etab) sinadura bilketaren helburu nagusia zela (1) ofizialtasunaren aldarrikapenak zuen gizarte atxekimendua mahai gainean jartzea, (2) ofizialtasunaren eta hizkuntza eskubideen inguruko edukinak gizarteratzea, (3) egitasmo sektorial desberdinen bazterketaren salaketa testuinguru horretan kokatzea ikuspegi orokorragoa emanez, (4) hizkuntzaren normalizazioaren helmuga irizpideak azpimarratzea eta (5) egoera gordin honetan aurrera egiteko agenda politikoan eragitea. Horiek guztiak eta kanpainaren balorazio gazi-gozoa prentsan irakurri eta Euskalerria Irratian entzun ditut nik ("Diarion" ez, baina hori ez da irakurtzen dudan gauza bakarra). Nik dakidala, Oinarriak-ek ez zuen inoiz agindu lege hori aurrera aterako zenik, are gehiago behin eta berriro azpimarratu zuen (azkena Parlamentuko Foru Erregimeneko batzordean egindako agerraldian -ikusi hemeroteka-) aipatu proposamenean irizpide orokorrak jasotzen direla eta bide horretan urrats mailakatuak egin behar zirela euskarak bizi dituen zenbait egoera tamalgarri gainditzeko. Are gehiago, horregatik guztiarengatik ez zen egitasmoa zuzenean Parlamentuan aurkeztu, aldarrikapen eta Nafarroako euskaltzaleen indarren autokontzientziazioan aurrera egiteko ekimena izan zen.
Horrela ba, Moiseskeriak, Itsak Gorriak, pasak, fustrazio ereintza zentzugabeak eta emparauek barregura sor dezakete bai. Baietz ba, baina hemen dagoen txiste bakarra zera da, kontalariak berak bere neurrira egindako gorotzan zilipurdikatzea baino ideia hoberik ez duela irakasgaien edukinen zein irakaslearen gorentasuna irudikatzeko.
Arazoaren muina ordea ez da inoren balizko "ezaugarri etniko" bat, progrekeriaz, harroputzkeriz eta orojakilearen miopiaz hordituta egotea baizik. Tira, tamainako estrategarentzat "Dario de Navarra" irakurtzen ez dugun oinezko kakajale oinozook ez ginen enteratu gertatzen zenaz. Antza, berak baino ez du irakurtzeko doaina. Oso berritan hartutakoa, PPren hizkuntza politika aurreratzen zuen agiri argigarria argitaratu baitzuen Eginek 1997ko udazkenean (berritan Ardi Beltzak berriro argitaratua). Eta doain mugatua du nonbait, Catalunyan eta EAEn denbora honetan guztian gertatutakoa ez baita sinadura kanpainaren "fustrazio ereintzaren" ondoko uzta izango ezta?, edo bai?.
Progrearentzat den dena egin da gaizki, eta orojakilearentzat gainera aurrerantzean ere den dena egingo da gaizki: manifestazioak, sinadura bilketak, demoen ekintzak, laster abiatuko diren desobedientzia ekineak, sortu direnak eta sortuko diren guzti guztiak gaizki, are gehiago barregarri.... eta noski, egin izan ez balira hobe. Aurrerantzean ezer ere egiten ez bada oraindik hobe, egurra eman eta bere jarrera babesteko arrazoi gehiago. Elbarriaren txistea: hainbeste alperrikako saiakera eta ekimen kaltegarrien ondotik bizirik irauteak meritua du gero! Eskerrak norbaiti, deus ere gaizki egin ez duten horiei noski. Besteei zientzia fikzioa leporatu bai baina berak... utikan proposamen zehatzak egiteari!, ez bitez iritsi bere egiaren pulpitu imakulatura errealitatearen zipriztinak!
Ideien eremu platonikoan dago egiaren gorentasuna, ezer mugitzen ez den eremu horretan, alper eta boterearen izkribau aspertuen paradisuan. Berak egindakoaz deus. Eta irtenbidearen errezeta magikoa arloteoi argitu gabe, gu bai arloteak, kaiku alen kaikuak!.
Non daude ba euskararen egoeraren errua ETAri leporatuz lortutako errenta determinanteak?, non ordain politikoak?, non gezurrezko argudio horrekin fatxak konbentzitzeko gaitasuna?, eta humorea?, non dago humorea?, eta zenbat tona metatu dira jada torturatuek jasandako infernua ez salatzearen ekarpen eskergarrien zuloan, edo Fontellasen bizi den irakasleak bizitako lintxamendu inkisitoriala ixiltzearen truke?. Zeren tarteka jaitsi bai jaitsi zarela gorentasunetik, ongia eta gaizkiaren gainetik euskararen izenean irakaspen etikoak emateko prestu. Eta pertza sutan jarri orduko akabo pertza!
Etikaren izenean Esatuaren apologiaren ezpata zorrotza astindu nahi izan zenuten Caballero hil zutenean lehenengo eta, berritan, Estatuari eta haren legeriari erakutsitako erabateko atxekimenduak "inteligensia" organikoaren lorpenak gainditu ditu Estatuaren apologia hutsa eta lotsagabeena zabaltzeko grina emankor horri esker. Arlo errealean, bai, hezur harazgizko egunerokotasun gizatiar horretan ez genuen jakin eta jakin gabe jarraitzen dugu ze gauzapen duen ustezko etika gorenak, irakaspen unibertsaletarako joera horrek. Aukerak era guztietakoak, ostikoka izan dituzu lehen zein gero, asko oso oso gertukoak (Basajaunen hilketatik Iñaki Beaumontek jasandako tortura ikaragarrietara, Eneko Olzak pairatutako epaiketa inkisitorialetik -bideo batean agertzen zen zamarra baten modelo bera etxean izateagatik hamar urteko espetxe zigorra jaso zuen- eta egurtutako manifestaretatik pasatuz).
Modan da, hori ere oso progrea antza, egungotik ihesi iraganera alde egitea: Melitonen dominak madarikatzea. Arrazoirik ez da falta noski baina 1968 arteko Melitonek gaur egun ez du Euskal Herrian torturatzen bere garaian norbaitek hankaz gora bota zuelako. Gaur egun, 2001eko Melitonak dira torturatzen jarraitzen dutenak, basatiki torturatzen ere Chinchila kaleko, Galiza Etorbideko, Arkauteko, La Salveko, Intxaurrondoko zulotan. Eta torturatzen jarraitzen dute zuzen zuzenean PP-UPNko egintariek bermatutako ordaina, legeria, saria, agindua, inpunitatea, goratzarrea eta soldata dutelako (ez ditugu ahaztuko Imaz berriketariaren hipokresia eta Ibarretxeren konpromezu etikoaren erakusle direla indarrean dagoen egitura guzti honi ematen dioten babesa, euren bertako labeldun polizia ere iaioa delako aipatu bitartekoen erabileran).
Arrazoi osoa zenuten, "ixiltasuna ez da aterpe", eta gainera ez ahantzi esandakoak lotzen gaituela. Zuk erabateko atxekimendua adierazi zenion indarrean dagoen legeri, Estatuari eta instituzio horiei esker ugaltzen dira, irauten dute zure aitak Irungo komisaldegian ezagutu zuen Meliton haren klonak. Estatuaren egituraren barruan eskubide guztiak berma daitezkeela lotsagabeki zeniotenok azaldu, noizbait azaldu beharko duzue hori egiteko modua.
Eta ez hasi beherapen aldiko etikarekin AEK eta Garzonen auzian egin zenuen bezala. Aurpegia behar da gero esateko "horrelako gertaerak ez zirela emango bortxakeria existituko ez balitz"!. Estatu torturatzaile (legeria beria eta torturatzaileei emandako sariak) eta faxista (Egin egunkaria eta irratia itxi, Ardi Beltza, eta 18/98 sumario osoa, GALen antolaketa eta indultoak....) pairatu behar izatearen erantzukizuna "bortxakeriari" leporatzeak Estatuari eman dakioken aterperik eraginkorrena eta merkena da. Hori mixeria etikoa da bere gordintsun osoan.
Frankismoak ezarritakoari mundu guztiak men egin izan balio, Meliton ez zukeen torturatzailea izango. Baina etika eta justiziaren aldeko konpromezu duinak ez ditu ez torturatzaileak, ez faxistak, ez inkisidoreak sortzen, ez aterpetzen.
Mikel Ezkurdia Ayerbe
Iruñea -euskara irakaslea-